Zumaia euskal toponimoaren jatorria Zume hitza da, oparotasuna adierazten duen atzizkiaz osatua. Izan ere, Urola ibaia eta Narrondo ibai‑bokaleetako lur zingiratsua zumez eta ihiz josita dago.
Urola ibaia udalerri honetan itsasoratzen da, eta kostaldean Itzurun hondartza aipatzekoa da. Baina herriaren ikur natural nagusia Zumaiako flyscha edo kostaldeko egitura geologiko berezi eta ikusgarria da, mundu osoan bakarrenetarikoa dena. Algorri interpretazio zentroaren bidez bisita daiteke.
Biztanle gehienak herriaren erdigunean bizi dira, nahiz eta kanpo aldean bizigune gehiago egon. Kanpo aldean direnetatik, Artadi eta Oikia auzoak nabarmentzen dira biztanleriari dagokionez. Artadi mendixka batean dago, eta hango San Migel elizatik Zumaiaren ikuspegi ona goza dezakegu. Leku beretik eginda, baina oraingoan hegoalderantz, Oikia auzoa dago, San Bartolome eliza eta Kondekua etxea nabarmen dituena; hirugarren auzo bat ere badago Donostiatik Bilborako errepidean (N-634), Narrondo.
Antzinako herria Santa Maria elizaren ingurua hedatzen zen, hainbat idazle eta historialarien arabera bertan antzinako eliza hura zegoen lekuan San Pedro eliza eraiki zen, aldiz, beste batzuentzat, jatorrizko herrigunea Arritokietako Andre Maria elizaren inguruan hedatu zen. Antso IV.a Gaztelakoak biztanleak hobeto defendatzearren herria Santa Mariaren inguruan bildu zuen, 1292komartxoaren 1ean herriaren jabetza Orreagako kolegiatari doaintzan eman ziolarik[5].
1845ean udalerria txikiagotu egin zen, Aizarnazabalek independentzia administratibo eta politikoa eskuratu zuenean. Urte askotan Gipuzkoako bigarren merkataritza‑portua izan zen Zumaia, Pasaiaren atzetik eta Donostiari aurrea hartuta.
XX. mendeko lehenengo hamarkadan Zumaiak seiehun kabotaje‑ontzien sartu‑irtena izaten zuen urtean, Arrona eta Bedua fabrika ospetsuetan ekoitzitako 80.000 tona zementu natural garraiatzeko, Serapio Mujika artxibozain ospetsuak jakinarazitako datuen arabera. Halaber, Zumaiak itsasbazterreko arrantza‑ontzien eta tretzaontzien flota txiki bat bazuen. Bedua ontziolak, gerra‑belaontziak egiten zituenak eta azken urteetan arrantza‑ontziak ere bai, betiko ateak itxi zituen.
Oso sonatuak izan ziren itsasorako diesel motorrak egiten zituzten bi fabrikak: Carmelo Unanue eta Yeregui Hermanos, biak ere itzal handikoak. Yeregitarren aita izan zen Euskal Herriko kanpandorreetan oraindik ere orduak jotzen dituzten erloju gehienen sortzaile asmotsua. Haren sei seme‑alabek Zumaiako enpresa hori sortu zuten eta 1922an itsasorako diesel motorra ekoizten hasi ziren, Espainian lehenengoa. Errekuntzako motor autobulkatua deitu zioten, eta itsasoa eta arrantza ulertzeko moduan benetako iraultza eragin zuen.
Tradizioari eutsiz, Astilleros Balenciaga S.A. enpresak, ondo merezitako ospea duenak, tonaje handiko itsasontzi metalikoak egiten ditu. Orioko eta Getariako kasuetan aipatu bezala, portuaren sarbidean egindako hobekuntzak eta kirol‑portua ikustekoak dira.
Zumaian itsasgizon ospetsuak eta goraipatuak izan dira: Joan Lopez Arteaga, Arriola almirantea, Antonio Uriarte, Fernando Izeta eta haren seme Lope eta Peru, Joan Martinez Mendaro — Gibraltarko itsasartean, Zumaiaren izena zeraman itsasontzian, portugesen ontzidiaren aurkako borrokan garaipena lortu zuena— eta abar, baina haiekin batera txalupa‑patroi ausart baten bizimodu pairakorra eta haren heriotza heroikoa aipatzekoak dira: Jose Maria Zubia, Aita Mari, da gizon hori. 1866kourtarrilaren 9an berriz ere bizia arriskatu zuen Donostiako itsasertzean, beste batzuena salbatzeko. Itsasoan ito zen, haren adorea goraipatzen zuten milaka ikusleren aurrean. Horregatik Donostiarrek monumentua eraiki zuten Jose Maria Zubiaren omenez, eta Zumaiarrek haren soina jarri zuten.
Zumaiar asko joan ziren itsaso ekaiztsura, eta han geratu ziren, heroi ezezagun bezala... baina bestelakorik ere bada: Pedro Uriarteren berpizkunde‑partida harrigarria ageri da parrokiako liburuetan: 1590ekootsailaren 15ean jakin zuten Pedro Uriarte marinela Indietatik etxerako bidean hil zela, eta urte horretako maiatzaren 5ean bizirik itzuli zen.
GKN Driveline SA: automobilgintza enpresa multinazionala. Ardatzetarako osagaiak ekoizten ditu. Zumaian bere lantegietako bat eta espainiar filiala ditu.
Guascor Power SA: Guascor taldeko filiala, era berean Dresser-Rand multinazionalaren jabetzakoa da. Diesel eta gas motorrak ekoizten ditu.
Zumaiaren hazkundea etengabea izan zen XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera XXI. mendearen lehen hamarkadara. 1940tik 2011ra hirukoiztu egin zuen biztanleria.
2019an 9.825 biztanle zituen herriak. Horietatik %18,81ek 65 urte edo gehiago zituen. Atzerrian jaiotakoak %7,46 ziren.[7]
Honako hau Wikidata bidez sortutako biztanleria grafiko automatiko bat da. Aldaketa bat egin beharrez gero, bertan egin dezakezu.
2019ko udal hauteskundeetan populazioaren gehikuntza dela eta, herria 10.000 biztanletik igo zenez, udalbatzan 13 zinegotzitik 17 zinegotzi izatera pasa ziren. Aldaketa nabarmena egon zen: EH Bilduk igoera handia izan zuen eta gehiengo osoa eskuratu zuen, 9 zinegotzirekin. Iñaki Ostolaza Esnal aukeratu zuten alkate.[9][10] EAJk bototan behera egin zuen eta alkatetza galdu, halere, 6 zinegotzitik 7 izatera pasa zen. PSEk boto kopuru antzekoa lortuta, bere zinegotzia mantendu zuen.
Zumaiako Juan Egañaren[11] testigantza, Zumaiako eskola eta maristen eskolaren ingurukoa. Euskal Herriko Ahotsak[12][13] proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.
Zumaiako euskara[14]gipuzkeraren aldaera bat da, sartaldeko euskaran[12] kokatzen den Urolaldeko euskara[15] da bertan hitz egiten dena. Goierriko hizkerarekin batera Sartaldeko azpieuskalkia osatzen du Urolaldekoak, baina hizkera honetan sakonagoa da mendebaleko euskararen eragina. Eremu lauagoa delako eta, batez ere, Eibar-Elgoibar aldeko industriak eraginda, estuagoa eta sarriagoa izan da hartu-emana. Lexikoan azaltzen da argien lotura, baina lexikoan ez ezik, hizkuntzaren beste sail batzuetan ere ageri da mendebaleko euskararen eragina Urolaldean.
Zumaiako herriko jaiak San Pedro egunean ospatzen dituzte (ekainaren 29a). Irailaren 8an Andra Mari Arritokietaren eguna ospatzen dute; bederatziurrenean eta bezperan Truebak ondutako Salbea abestean jende ugari biltzen da.
San Telmo egunean ere jai egiten dute: Pazko ondorengo bigarren astelehenean ospatzen dute, ermitara prozesioa eginez, San Telmoren irudia hartuta, eta hotsandiko elizkizuna egiten dute. Gaur egun herriko jai ospatuenak dira; San Telmo egunaren aurreko asteburua, San Telmo eguna (astelehena) eta berriz ere datorren asteburuan errepikapenak egiten dituzte, igande hortan amaiera emanez.
K-T muga (batzuetan KT edo K/T) geologianKretazeotikTertziariora igarotzen denean dagoen geruza fina da. Orain dela 65,5 Ma sortu zen. Izena Kretazeo eta Tertziariotik dator. Muga hori oso loturik dago Kretazeo-Tertziario desagerpen masiboarekin, dinosauroen desagertzearekin, hain zuzen. Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunean mundu mailako tokirik hoberenetako bat dago zuzenean geruza hori begibistan ikusteko. Gainera, muga hori funtsezkoa izan zen ammoniteen bat-bateko desagerpena aztertzeko. Mundu osoan garrantzia duen GEOSITE gisa onartu da Algorri eta GSSP gisa proposatu da muga horretarako[16]. Horretaz gain flich zabalgune horretan beste 3 muga geologiko oso nabarmen ikus daitezke. Algorri interpretazio zentroan azalpen ulergarria eta zabala eskaintzen dute hainbat panelen bidez. Gai horretaz ere, Kepa Altonaga biologo eta idazleak 2021ean dibulgazio mailako Iridioaren mintzoa. Meteoritoa eta Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa liburua argitaratu zuen. Liburuan dinosauroen desagertzearen interpretazio ausarta 1980an nola plazaratu zen kontatzen du, eta ondoren hipotesi hura sendotzeko munduan gertatu zen eztabaida latza azaltzen du.[17][18][19]